XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itoitz

Epai berria izan dugu aste honetan Itoizko urtegiko proiektuari buruz, ziurrik ere, orai arte izan den garrantzitsuena.

Espainiako Auzitegi Gorenak legaltzat jo du urtegia, baina debekatu du 512 metroko kotatik gora ura sartzea, hiru naturguneren babes-eremua ez hondatzearren.

Auzitegi Gorenak bideraezina egiten du urtegia, hasierako proiektuan agertzen den 418 hektometro kubikoko edukier, 10 hektometroan geldituko bailitzateke epai berriaren arabera, alegia, Eugiko urtegia baino txikiagoa, ideia bat egitearren.

Jakina, Itoizko urtegia justifikatzeko erabili duten argudio nagusia, Nafarroako ubidea, ezin izango dute egin Gorenak jarri dituen baldintzetan.

Gainera, Gorenak Nafarroako Gobernuari agindu dio bere errekurtsoaren kostea ordain dezala.

Nafarroako Gobernuak jada eman du hitza.

Itoizko urtegia egiten segituko du, eta gainera pozik agertu da ez dutelako behartu obrak bertan behera uztera.

Sanzen gobernuaren ustez, 1996ko Naturguneen Legea ez du kontuan hartu Gorenak, eta horretan Gobernuak ezabatu zuen 500 metroko kotaren babesgunea.

Gobernuak egingo du Itoizko urtegia, eta egingo du hasierako neurrietan.

Eta, beste behin ere, demokraziaren garaipentzat hitz egingo dute obra bukatutakoan egingo duten prentsaurrekoan.

Orduan, alferrik izango dira Entzutegi Nazionalak eta Gorenak eman dituzten epai guztiak.

Alferrik izango da erruduna bilatzea, eta, beste behin ere, kartzelara joango dira bakarrik obrak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten haiek.

Baina zerbaitetarako balioko du urtegiak.

Hurrengoan jakingo baita batzuetan bide legal eta demokratikoak ez direla aski arrazoia alde izan arren.

Igual salatuko naute indarkeriaren apologia egiteagatik, baina ziur naiz orduan askok pentsatuko dutela, zenbait kasutan, sistemak ematen dituen bitartekoak ez direla nahikoa bidezkoak helburuak erdiesteko.

Eta nahi nuke, zinez, hala ez balitz.